Blogean idaztearen egunerokotasuna

Bada denboralditxo bat sarrerarik idazten ez dudala. Seguraski zer idatzi aurkitzen ez dudan momentu horietako batean nagoelako izango da. Hau ikusita eta beste edozein gai aurkitu ezinda, blog honen mekanikaz eta ohituretaz hitz egitea bururatu zait.

Sareko txoko honek 9 urte beteko ditu laster eta bere bizitzan zehar forma desberdin ugari izan ditu. Hasiera batean Blogger plataforma erabiliz idazten hasi nintzen, euskaraz soilik, nire herriko, Soraluzeko, euskalkian gainera. Beranduago euskara batuan idazten hastea erabaki nuen eta aldaketa honen ondoren gaztelania eta ingelesa laster iritsi ziren.

Blogger plataforma ere aspaldi alde batera utzi nuen gaur egun erabiltzen dudan WordPress CMSa erabiltzeko. Blogaren lehen momentuetan oso erabilgarria izan bazen ere, Googlen tresna hau alde batera uzteko momentua iritsi zen. Arrazoietako bat, hain zuzen ere, Blogger Googlen aterpeko zerbitzu bat izatea zen, izan ere aktore honen kontrolpean dauden zerbitzu gehiegi erabiltzen bait ditugu jada. Bestalde blogaren gain kontrol handiagoa edukitzeko aukera ematen zidan WordPress instalazio batetara pasatzeak eta berau kudeatzeko tresna kopuru askoz ere handiagoa eskaintzen du pluginen bitartez. WordPress software askea izatea ere lagungarri izan zen aldaketa egitea erabakitzeko.

Webguneko edukiak idazteari dagokionez, guztia gogoa, denbora eta jorratzeko gai bat edukitzean oinarritzen da. Lehenengoaren kasuan ezer gutxi egin daiteke egia esan. Urtean zehar idazteko gogo gehiago eta gutxiagoko momentuak egoten dira eta nik ez dut inoiz nire burua gutxieneko sarrera kopuru bat idaztera behartu. Uste dut hau egiteak azkenean idatzitakoaren kalitatearen murrizketa bat ekarri dezakeela eta gauzak erdi-ondo egiteko, hobeto ez egitea.

Denbora ere gaur egun askotan falta zaigun zerbait da, bai eraiki dugun egunerokotasun eroagatik eta baita bakoitzaren denboraren antolaketa kaxkarra dela eta ere bai. Baina kasu honetan nik badaukat ekidin ezin dudan denbora tarte bat. Etxetik lantokirako bidean hartzen ditudan autobus eta metroak gutxienez 40 bat minutuko tarte bat ematen didate eta hau da blogari eskaintzen diodan momentua. Nola ez, idazteaz gain irakurri beharra egoten da eguneroko gaien inguruan zer idatzi jakin ahal izateko eta beraz bidaiaren unea bai idatzi eta baita irakurtzeko erabiltzen ditut, biak bait dira ezinbestekoak blog hau bizirik mantentzeko.

Jorratzeko gaiak, beraz, etxetik lanera eta alderantzizko bidaian zehar irakurtzen ditudan artikuluetatik jaiotzen dira. Askotan albiste bat blogera ekarri besterik ez da izaten baina beste batzuetan artikuluan esandakoak nire buruan piztutako ideien inguruko gogoetak bertaratzen ditut (azken urteetan mota honetakoak izaten dira sarrera gehienak).

Prozesuan parte hartzen duten aplikazio eta tresnak

Nola ez, blogaren inguruko aktibitate gehiena mugikorrean gertatzen da. Informazio iturriak Google+, LinkedIn eta nire Tiny Tiny RSS zerbitzaria dira normalean baina lankideekin batera ditudan Slack txat desberdinen bitartez ere artikulu oso interesgarriak iristen zaizkit. Irakurtzeko Google+, LinkedIn eta Firefox Android aplikazioak erabiltzen ditut eta nola ez nik neuk garatutako Tiny RSS aplikazioa (Tiny Tiny RSS zerbitzariarentzako bezero aplikazio bat). Artikulu interesgarri bat aurkitzen dudanean baina momentu horretan irakurtzeko denbora ez badaukat, beranduago irakurtzeko Wallabag zerbitzarian gordetzen dut. Aplikazio hau Pocket famatuaren antzekoa da baina azken honek ez bezala bakoitzaren zerbitzarian instalatzeko aukera ematen du, kode irekiko proiektu bat izateaz gain. Momentu honetan Wallabag ez da guztiz egonkorra (batez ere Android aplikazio natiboa) baina eguneroko erabilerarako nahikoa da. Gainera proiektuaren garatzaileak Wallabag guztiz berdiseinatzeko lanetan ari dira momentu honetan, tresnaren aurrerapauso nabarmen bat izan beharko litzatekeena.

Idazteko orduan ere lan gehiena mugikorrarekin egiten dut, Android sistema eragilearendako dagoen WordPress aplikazioa erabiliz. Honen bitartez sarrera bakoitzaren testua idazten dut euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Behin bertsio guztiak prest daudenean azken ukituak ordenagailu arrunt batean ematen ditut (argazkiak gehitu, estekak ipini, sarreraren etiketak kudeatu…) eta azkenean guztiak argitaratu (euskara eta gaztelaniazko bertsioak nire blogean eta ingelesezkoa LinkedIn kontuan).

Izango al da software askea sexya noizbait?

image

Duela egun batzuk Mozillak albiste txar bat eman zigun. Firefox OS izenarekin garatzen ziharduten mugikorrenzako sistema eragile askea alde batera uztea erabaki dute. Nahiz eta proiektua ez den guztiz desagertuko bere hasierako helburu nagusiek, lehenago aipatutako sakelako mugikorrak, ez dute garapen gehiago edukiko.

Ez nahiz Firefox OS erabiltzailea, nahiz eta sistema honetan lan egiten duen Tiny RSS izeneko aplikazioa garatu dudan, baina hala ere albiste txarra iruditzen zait software askearen ikuspuntutik begiratzen badugu. Badakigu gaur egun Android eta iOS direla munduan dauden mugikorren gehiengoa kudeatzen dituzten sistema eragileak, eta behin baino gehiagotan aipatu dut bietako bat ere ez ezin direla asketzat hartu (ez, ezta Android ere). Hau ikusita, askatasunaren filosofia hartuta borroka honetan sartzea saiatzen den edozein plataforma egotea gertakari positiboa da.

Firefox OSen albiste honek orokorrean software askeak merkatuan duen egoera eta etorkizunaz pentsatzen jarri nau. Besterik gabe, ba al du etorkizunik software eta hardware askeak beraien arerio itxien aurrean?

Gailu teknologiko arrakastatsuenek aspirazionalak izatea lortu dutelako daude gaur egun dauden egoeran. Azken urteetan Apple ordenagailu eramangarriak nonahi ikusi ditzakegu eta hauen jabeak ez dira soilik teknologikoki jakitunak. Jendeak Applen produktuak nahi ditu nahiz eta erosleen portzentai handi batek aipatutako enpresaren produktuak hobeak edo txarragoak diren argudiatzen jakin ez, besterik ez arlo teknikoa bigarren plano batean gelditzen da erosle askorentzat. Microsoft azkenaldian posizio hau lortzen saiatzen hasi da baita ere Surface bezalako produktuekin baina ez dut momentu honetan Linux sistema bat erabiltzaile arrunten artean aspirazionala bihurtzen ikusten.

Bestalde munduko aplikazio garrantzitsuenak ez daude plataforma askeendako eskuragarri, hauek web teknologiek eskaintzen duen esperientziarekin gelditu beharra dutelarik. Esango nuke web plataforma erabiltzaile esperientziari dagokionez natiboarengandik duen distantzia murrizten ari dela abiadura handian baina honek ez du esan nahi garatzaileek mundu natibotik irtetzea kontsidetatuko dutenik, gutxienez mugikorren industrian. Momentuz plataforma potenteenetara zuzentzen dute euren lana, bertan bait dago dirua irabazteko aukera. Esan bezala, plataforma hauek ez dira irekiera eta askatasunaren eredu.

Arrazoiak mota askotakoak dira baina hauen artean ez dago arrazoi teknikoa den bat ere ez. Aurreko paragrafoan esandakoaren arabera aplikazio edo jokoen eskuragarritasun falta izan litezke arrazoi nagusiak. Office suitearen kasua izaten da askotan honen adibide, software itxiaren paradigma dugu eta tradizionalki ez da plataforma askeetan eskuragarri egon. Jokoen kasuan antzeko zerbait gertatu izan da, besterik gabe plataforma askeetan ez bait da izan joko garrantzitsuak lortzeko aukera egon. Norbaitek esan dezake LibreOffice eta Steam bezalako proiektuak badaudela baina azkenean hauek edo de facto estandarren aurka borrokatu behar dute edo ez dute momentuz merkatuan hazkuntza handirik eduki. Zalantza izpirik gabe oso lagungarriak dira honelako produktuak, baina oraindik lan asko gelditzen da aurretik.

Uste dut inbestitzaileen dirua lortzen duten proiektuek ere irekierari bizkarra eman behar diotela askotan zeren eta askatasun horrek proiektuaren gain eduki daitekeen kontrola galtzea suposatzen duela antzematen bait da. Ezin dut imajinatu Whatsapp, Pocket, Periscope edo gaur egun hain arrakastatsuak diren beste aplikazio batzuk GPL lizentziapean argitaratuta. Ildo honetan doan adibide bat ipintzeko, Androiden open source proiektua bera ere (berriro diot, gure mugikorretan gero eta ezkutatuago dagoena) lizentzia permisiboago batean argitaratua izan zen eta esango nuke fabrikatzaileen babesa lortzeko helburuarekin hartutako erabaki bat izan zela.

Denbora kontu bat al da beharbada? Teknikoki ez badago desberdintasun nabarmen bat bi filosofien artean, izan al daiteke askatasunaren alde apustu egin zutenak dagoeneko beteta zegoen merkatu batetara iritsi izanagatik gaur egun duen posizioan egotea? Adibide bat ipintzearren, Canonical bezalako enpresa bat Microsoften momentu berean agertu izan balitz gaur egun erabiltzaile arrunten artean ezagunagoa izango al litzateke? Beharbada bai, oraindik borrokalari indartsuak zeintzuk izango ziren jakina ez zegoen momentuan filosofia askea bultzatzen zuen aktore bat agertu izan balitz baliteke gaur egun Microsoftek fabrikatzaileekin dituen akordioak lortu izana. Hala ere, nik ez nioke denboraren asunto honi gehiegizko garrantzia emango urtetik urtera guztiz eraldatzen den industria teknologikoari buruz hitz egitean. Google, Facebook edo Twitter ez ziren orain dela hainbeste denbora iritsi eta ikusi gaur egun duten posizio indartsua.

Orduan, jendeak ez al du gustoko software askea? Mota honetako softwarea hor dago aspalditik eta merkatuan arrakasta lortu ez badu besterik gabe merkatuak aukera hau ez duela erakargarria aurkitzen ondorioztatu genezake. Nire ustez hau ez da kasua. Zoritxarrez jendeak produktu teknologiko bat erosi nahi duenean ez du askatasuna erosketa erabakia aldatuko duten arrazoien artean ipintzen. Hardwarearen arloan kanpoko itxura eta hobeto edo txarrago ulertzen dituzten bizpairu ezaugarri tekniko begiratuta nahikoa izaten dute gehienek. Normalean jendeari bost axola hardwarea mugitzen duen plataforma edonork ikertu dezakeen edo ez, bost axola erabiltzaileen erabakia lehen posizioan ipintzen duen edo ez. Beraz, esango nuke lehenago aipatu ditudan zerbitzu eta software plataformak GPL lizentziapean argitaratuta egoteak ez lukeela gizartean inolako aldaketarik suposatuko jendearen erosketa ohituren ikuspuntutik.

Arazoa beraz ez da teknikoa. Ezta jendearen artean erakargarritasun falta ere. Orduan?

Esango nuke lehenago aipatu dudan ideia bat izan litekeela erantzuna. Besterik gabe negozioa egiteko orduan software askea aukera bat ez izatea. Gaur egun informazioa eta datuak dira enpresek lortu dezaketen altxor garrantzitsuena eta datu hoiek modu eraginkorrean lortzeko algoritmo desberdinak behar dira eta hauek garatzeko denbora, eta beraz dirua, beharrezkoak dira. Gaur egun enpresa gutxi daude milioiak hobekuntza teknikoak lortzeko erabiltzeko prest gero lortutakoa konpetentziari oparituko bazaio. Bakoitzak lortutakoa, bai aurrerapen teknikoak eta baita erabiltzaileen buruzko informazioa, sekretupean gordetzen da, hau bait da gaurko industrian bakoitzak duen abantaila lehiakor garrantzitsuena. Munduan nagusi den sistema ekonomiko erronkakorra software askearen elkarlan ideiarekin bateragarria ez da nonbait.

Galduta al dago beraz software askearen borroka? Ezetz esango nuke nik. Arazoak arazo, esan beharra dago kode irekia darabilten produktuek sekulako zeresana dutela gaur egungo teknologiaren munduan, baita euren produktuak software pribatuan oinarritzen duten hoientzat. Adibidez, zerbitzarien munduan Linux sistema eragilea da jaun eta jabe. Munduko sakelako telefonoen kopuru handienak ere sistema eragile hau erabiltzen dute nahiz eta horren gainean beste software geruza batzuk ipintzen dizkioten. Interneten aurkitu ditzakegun webguneetatik milioika WordPress bezalako eduki kudeatzaileen bidez garatuta daude eta sare bera erabiltzeko existitzen diren nabigatzaile ezagunenetako bat, Firefox, software askea da.

Software askea beraz ez dut desagertzeko arriskuan ikusten mundu guztiak bere garrantzia ulertzen bait du. Arazoa negozioa egiteko behar edo nahiarekin aurkitzen garenean agertzen da. Arlo honetan ez dut gaur egun software askea aukeratzat kontsideratua ere ikusten eta honek arazo bat suposatzen du zalantzarik gabe. Ematen du guztiok garela kode irekiaren defendatzaileak beti ere kode hau beste batzuek idazten badute gero guk erabili ahal izateko. Hori bai, gu geu garapen bat egiten hasten garenean ez gara hain irekiak dirudienez, orduan  ez bait ditugu hain argi ikusten askatasunak ekar ditzakeen abantailak.

Lanpostu toxikoek ez dezatela zure bizitza suntsitu

toxic_nightmare_by_kornolho-d3cx5b3Berriz ere iratzargailua zarataka. Egunero bezala ohetik altsatu eta bizirauteko derrigorrez egin behar dugun horretarako bidean jartzea beste erremediorik ez daukagu. Seguraski dagoeneko asmatu duzue bakoitzaren lanari buruz hitz egiten ari naizela. Bai, guk guztiok egunak joan eta egunak etorri derrigorrez egin behar dugun hori. Goizero gertatzen zaigun hau hainbat umore desberdinekin hartu dezakegu baina aldatu ezin den zerbait izanda hobe genduke gure indar guztiak aurrean gelditzen zaizkigun ordu guztiak positibitatez hartzen erabiltzea, gure onerako batik bat.

Badakit hau egin baino modu askoz ere errazagoan esaten diren gauza horietakoa dela, askotan gure lanpostuak ez bait dira izaten guk nahi izango genituzkenak edo are eta gehiago, askok lanpostu bat ere ezin dute aurkitu gaur egun. Baina kasu hauetatik kanpo, lanpostu bat edukitzeko aukera bat izan duten hoiek, eta gainera euren gustoko den sektore batean aritzen direnak ere batzuetan ez daude gustura euren egoerarekin. Inoiz pozik ez egoteko ahalmen bitxi horren biktima gara berriz? Kasu batzuetan bai, seguru egon hortaz, baina beti? Eta enpresa bera izango balitz kasu hauetan arazoa? Kasua da ez dela oso arraroa guztiz toxikoak diren lantokien kasua, edozein pertsona talde edukita ere inoren gustoko ez diren enpresak.

Nire sektorean, teknologiarena alegia, mota honelako enpresetaz hitz egitean lehenengo azaleratzen direnak harategi edo gazteleraz ‘cárnica’ bezala ezagutzen direnak ditugu. Hauetan, langileetaz espero dena egin egin eta egin soila izaten da askotan. Berdin da zenbat ordu eta berdin da emaitzak nola lortu baina azkenean helburua ez lortzea ez da aukeretako bat. Egia da kasu hauetan pertsona askok guztiz nazkatuta amaitzen dutela. Baina hala ere, ez nuke nik esango mota honetako enpresak esperientzia negatiboen sinonimo direnik. Bakoitzak bizitzeko modu bat dauka eta beti egongo dira modu honetan lan egitea gustoko duten pertsonak, edo paradigma hau onargarritzat hartzen dutenak.

Nik uste dut egoerak alde batera edo bestera eramaten dituztenak azkenean pertsonak eurak eta hauen erlaziotik jaiotzen den kultura korporatiboa direla. Egunerokotasunean jendeak motibazioa behar du, hau bait da pertsonak eta beraz enpresak mugitzen dituen motorea. Eta nola motibatu daiteke pertsona talde bat? Erantzun errazena: soldata on batekin. Zein den soldata on bat bakoitzak erabakitzen duen zerbait da, baina enpresa bateko langileek merezi dutena baino gutxiago irabazten dutela ikusten badute, eskatzen zaien edozein esfortzu neurriz kanpokoa irudituko zaie. Zoritxarrez beti egongo da gehiago ordaintzen duen norbait, beraz, enpresa baten erakargarritasun ahalmen bakarra soldata izan ez gero, honek zailtasun oso handiak izango ditu talentua mantentzeko.

Zer egin orduan langileria enpresan gelditzea lortzeko? Gutxienez, pertsona helduak heldutzat hartzea. Bakoitzak bere bizitza dauka eta enpresa batek ez luke bizitza hauen alternatiba izan beharko. Orduak botatzea orduak botatze hutsagatik duela asko amaituta behar luke dagoeneko. Bakoitzak badaki (edo horrela izan behar litzateke behintzat) zeintzuk diren bere eginbeharrak eta hasiera batean enpresa batek ez luke bakoitzaren konpromisoa zalantzan jarri beharko. Kontrakoa egiteak motibazioa itotzen du, eta askotan taldeen barnean konfidantza apurtu ere. Beste ohitura on bat: ez egin zure langileak inozoak balira bezala. Ezin da enpresa batek dituen baloreak saltzen ibili egunerokotasunean balore hoiek inondik inora ez badira agertzen. Hau gertatzen bada azkenean jendea iruzurtuta sentituko da. Adibidez, ez dira gutxi teknologia eta kalitate handiko taldeak dituela esaten duten baina gero subkontratazioa besterik egiten ez duten enpresak.

Baina tira, ematen du sarrera honetan managerrak edo buruzagiak kritikatzea dela ideia eta ez da inondik inora sarrera honen helburua. Maila berdinean dauden taldeetan ere enpresa bat toxikoa dela ikusi daiteke, edo gutxienez, enpresa horretako talde hori. Lan egiteak zerbait suposatzen badu, gauza garrantzitsuenetakoa beste pertsona batzuekin erlazionatzea dugu. Lan egitea lankideekin erlazionatzea besterik ez da, denon artean helburu komunak betetzea lortzeko. Talde barruan bakoitzak helburu desberdin bat duenean iristen dira arazoak. Momentu horretan konfidantza falta gertatzen da, talde-lana eduki ordez bakoitzak bere kasa borrokatzen du eta egoera horretan berehala ikusten dira produktibitate murrizketak.

Talde lanean aritzean kide bakoitzak solidaritatea eta konfidantza izan behar luke lehen helburu bezala. Besteen akatsak propio bezala hartzea eta akatsa egin duen horri laguntzan irtetzea ezinbestekoa da. Oso ohikoa izaten da norberaren akatsak estaltzeko beste bati errua botatzen dioten pertsonak topatzea, normalean buruzagien aurrean gaizki ez gelditzeko. Honek taldeen ahalmenak mozten ditu segituan, akatsak egitea ekiditeko jendea saiakera bera ere ez egiten hasten bait da. Egunero gutxienekoa egin eta ahalik eta gutxien arriskatu. Taldekideei ahalik eta gutxien lagundu, edozein momentutan hauek salduta utzi ez gaitzaten.

Solidaritate falta erakusten duen beste pertsona mota bat ‘informazio trafikatzaileak’ dira. Azken urteetan gero eta gehiagotan esaten da informazioa boterea dela eta batzuek egi hau lanean muturreraino aplikatzen dute. Jakintza eta informazioa talde guztiarekin partekatu ordez, denon artean gure lana hobeto eta azkarrago egin ahal izateko, batzuek eurentzat gordetzen dute. Pertsona hauek uste dute honela ezinbestekoak direla enpresan eta inoiz ezingo dituztela kalera bota zerbait nola egiten den dakiten bakarrak direlako. Pertsona hauek ere toxikoak dira euren filosofia guztiz berekoia bait da eta ahal izan bezain pronto kide bat zapalduko dute euren burua salbatu edo postu hobe bat lortzeko.

Baina zer egin gauzak konpontzeko?

Honelako egoera batekin topo egiten dugunean lantokia askotan infernu bat izaten da. Egunero borrokan egon beharra dago bakoitzak bere estatusa mantendu ahal izateko eta benetan garrantzitsua den lana alde batera uzten dugu gure burua taldean dauden gudetan bizirik mantentzeko. Momentu horretan esan daiteke gu geu eta gure lankiedeek profesionaltasuna galdu dugula.

Zer egin beraz egoera honetara ez iristeko? Urrezko lege bat: izan zaitez eredua. Lehenik eta behin guk erakutsi behar dugu talde lanean aritzen badakigula. Kideei akatsak egiteko eskubidea aitortu, guk geuk ere lehenago edo beranduago egingo ditugula jakinda; norbaitek akats bat egitean modu konstruktiboan gertatutakoa ikertu eta arazoa berriro gertatu ez dadin neurriak hartu, beti ere akusazioak alde batera utzita; norberaren akasak modu irekian onartu eta norberaren erantzunkizuna lasaitasun osoz azaleratu, ez bilatu aitzakiarik ezta gu geu ez garen errudun bat.

Eginbehar baten aurrean zerbait gaizki egiteko aukerak askoz ere handiagoak izango dira lanaren arduradunak informazio guztia ez badu. Beti informazio guztia mahai gainean ipini ahalik eta azkarren, horrek taldeari eta ondorioz zuri denbora asko aurrestuko diolako.

Beraz, norbera eredu izatea da taldekideei hobekuntzak eskatzeko legitimitatea edukitzeko modu bakarra. Lehenago enpresa askok gauza bat saldu eta gero beste gauza desberdin bat egiten dutela aipatzen nuen. Zein aurpegirekin eskatu diezaiekete langileei edozein arlotan gauzak aldatzea eurek berak baldin badira iruzurretan dabiltzaten lehenak?

Laburbilduz, autoritatea adibideekin lortu, ez hitzekin, eta hortik aurrera modu zintzoenean zure ideiak proposatu gauzak hobera eramateko. Zorte pixka batekin egoera zuzentzea lortuko da.

Eta hainbeste zorte ez badago zer?

Gizakiok gauza bat dugu komunean, aldaketak mehatxu bezala ikusten ditugu eta kritikak, nahiz eta konstruktiboak izan, irain bezala. Eta honelako zerbait gertatzen zaigunean gure inmobilismo guztia jartzen dugu lanean. Gauzak ezin dira beti aldatu eta badaude pertsona eta enpresa batzuk atzo, gaur eta bihar toxiko izango direnak. Hauekin nekez egin daiteke zerbait. Askotan hainbeste denbora daramatzate auto-suntsitze dinamika horretan ez dutela bizitzeko beste modurik ezagutzen eta beraiengana hurbiltzen den edozein dinamika horretan murgiltzen dute. Badakit gaur egun dugun egoerarekin askok ezingo dutela hau egin, eta beraz pixkat delikatua dela nire hurrengoko aholkua, baina gutxienez nire esperientziak esaten dit gauzak aldatzea posible ez dela ikusten bada, beste lanpostu bat aurkitu eta zurea uztea dela idea hoberena. Esan dudan bezala nire sektorean hau egitea errazagoa izan liteke, baina egiten duguna egiten dugula, lanpostu batek gure bizitza aurretik eramango badu, hobe beranduegi izan baino lehen gauzak konpontzea.

Ubuntu Gnome proiektura gerturatuko dela ematen du 16.04 bertsioan

Untitled-2[EGUNERAKETA] Antza denez sarrera honetan aipatzen den Ubuntu Software Zentroaren ezabaketari buruzko albisteak ez omen dira zuzenak, beste esteka honetan irakurri daitekeen moduan. Hala ere, sarreran utzi ditudan iritziak baliozkoak direnez, sarrera bere horretan utzi dut.

Blog hau jarraitzen duzuenontzat ezaguna izango da Linux erabiltzailea naizela. Konkretuki Ubuntu distribuzioa da nire ordenagailuan aspalditik instalatuta daukadan sistema eragilea. Gaur egun Linux distribuzio ezagunena dugu Ubuntu bai ohiko erabiltzaileen artean eta baita sektore profesionaletan eta bere egunean sistema aske honen munduari bultzada bat eman zion distribuzioa da, hasieran Linux sistemak ohiko erabiltzaileedako zituen harresiak ezabatzea lortu bait zuen.

Ubuntuk enpresa komertzial bat dauka atzean, Mark Shuttleworth hegoafrikarrak sortu zuen Canonical alegia. Honek behin baino gehiagotan kritikak ekarri dizkio Ubunturi, software askearen komunitatean ahots asko bait daude Canonicalek bere kasa lan egiten duela pentsatzen dutenak komunitateari bere lanaren oso parte txikia bueltatuz eta beraz software askearen espiritua jarraitu gabe.

Esan beharra daukat, Canonicalen zenbait erabaki ikusita kritika hauek batzuetan ondo arrazoituta daudela, askotan bere interesak soilik defendatuz jokatu izan bait du. Adibide on bat Mir zerbitzari grafikoan aurkitu dezakegu. Linux mundua momentu honetan X Server izeneko zerbitzari grafiko zaharra aldatzeko prozesuan murgilduta dago, Wayland deitzen den produktu berria garatuz. Proiektu berri honek ez du, ordea, Canonicalen partaidetza, enpresa honek bere aukera propioa garatzea erabaki zuelako, Mir. Erabaki hau ezagutu zenean komunitatea zatitzea leporatu zitzaion Ubunturen babesleari eta hein batean ez da gezurra, gauza berbera egiten duten bi aukera izango ditugulako laster. Egia da, baita ere, Canonicalek proiektu oso garrantzitsu bat daukala esku artean, Ubuntu Touch edo mugikorren eta ordenagailuen arteko konbergentzia lortuko omen duen sistema eragilea. Seguruenik hau aurrera eramateko Canonicalek bere kontrolpean duen proiektu bat behar du eta horregatik erabaki zuten Mir garatzea.

Komunitatearekin polemikak sortu dituzten erabakiak ez dira hor gelditzen baina egia da azkenaldian Ubuntuk bere aldentze prozesu horri buelta emateko zenbait pauso txiki eman dituela. Duela gutxi Systemd sistema abiarazlea erabiltzen hasi zen Debian proiektuak aukera hori hartu eta gero, Canonicalek bere aukera propioa, Upstart, alde batera utziz. Horretaz gain azkenaldian berriz ere Gnome proiektura pixkat gerturatuko dela ematen du 16.04 bertsioan. Adibidez, Gnomeren egutegi aplikazioa defektuz erabiltzeko eztabaidak daude momentu honetan, eta baita ere Ubuntu Software Zentroa alde batera utzi eta Gnomeren aukera erabiltzea.

Erabaki hauek, alde batetik guztiz zaharkituta gelditu diren funtzionalitateak ezabatzea dakar eta bestetik Gnomeren lana bikoizteari uztea ere. Aplikazio batek zerbait ondo egiten badu, zergatik esfortzuak bikoiztu? Ulertzen dut Canonicalek bere ibilbide orria edukitzea azken finean dirua irabaztea nahi duen enpresa bat bait da. Honek, hala ere, ez luke suposatu beharko software askearen komunitatearentzat kaltegarria den bide bat hartzea. Bere egunean filosofia hau aukeratu bazuen, erabaki hau azkeneraino eraman beharra du eta zalantza izpirik gabe Ubuntuk osasun hobea izango du komunitatearen eskutik joanda bere kabuz borrokatzen baino.

Ubuntu Software Zentroaren ezabaketara bueltatuz, galdera bat pizten da nire buruan. Mugikorrendako sistema eragilearen proiektua ezagututa, erabiltzaileek euren gailuetan aplikazioak instalatzea nola ahalbidetuko du plataforma honek software berriarekin? Gnomeren aplikazioak lan hau egitea ahalbidetuko du edo zenbait aldaketa beharko dira funtzionalitate hau mantentzeko? Beti bezala, denborak bakarrik erantzungo ditu galdera hauek baina azkenean aldaketa hauek egi bihurtzen badira bai Ubuntu eta baita Gnomerendako onuragarriak izango dira.

Volkswagen eta konfidantzaren putzu beltza

volkswagenSarrera hau duela egun batzuk prest neukan baina blogaren ostalariarekin izandako arazo bat dela eta orain arte ezin izan dut argitaratu. Atzerapenarekin argitaratzen ari naizen arren, espero dut sarrera oraindik interesgarria izatea.

Ez da beste ezertaz hitz egiten automobilen munduan. Volkswagen fabrikatzaile alemaniarra industria honen historiako eskandalu handienaren protagonista izaten ari da. Honen arrazoia enpresa honek bere ibilgailuei egiten zaizkien kutsadura emisio azterketak urteetan zehar trukatzen egon izana da. Azterketa hauek edozein ibilgailuk pasatu behar ditu munduan zehar, bere salmenta onartu aurretik indarrean dagoen emisioen arloko legea betetzen duen ziurtatzeko helburuarekin.

Nahiz eta jakina izan autoak direla gaur egun gizakiak sortzen duen kutsaduraren arrazoi nagusienetako bat, nik uste nuen fabrikatzaileak gero eta gogorrago saiatzen zirela euren produktuen karbono aztarna murriztea lortzeko, nahiz eta soilik marketing hutsa izan. Argi eta garbi gelditu da batzuek nahiago dutela azterketak faltsutzea benetan emisioen gutxitzean lan egitea baino.

Eskandalu guztiaren erdian Volkswagenek erabiltzen zuen software bat daukagu. Software hau zen hain zuzen ere emisioen azterketak faltsutzea ahalbidetzen zuena, autoa azterketa bat jasaten ari zela detektatzeko gai bait zen, bere konfigurazioa momentu horretan aldatuaraziz. Nola ez, software honek konkretuki nola funtzionatzen duen ezin da jakin, bere iturburu kodea guztiz sekretua delako.

Eta hemen dago sarrera hau idaztera eraman nauen gakoa. Behin eta berriz esan dudan bezala, software itxiaren atzean gelditzen den edozein prozesuk gure kontroletik oso erraz ihes egiten du, inork ez bait daki honek zer egingo duen. Volkswagenen kasuan, enpresa alemaniarraren hitza sinistea besterik ezin izan dugu egin. ‘Gure autoek legea betetzen dute kutsadurari dagokionez, azterketen emaitzek erakusten duten bezala’. Esaldi hau ez diot enpresako bozeramaile bati entzun, nirea da, baina gutako inork ez du orain arte hitz hauen sinisgarritasuna zalantzan jartzeko inolako tresnarik eduki. Software itxia erabiltzen duen edozein prozesuren aurrean bere jabearengan dugun konfidantzaren preso gara. Eta zoritxarrez, denborak beti erakusten du konfidantza oso berme txikia dela.

Normalean, enpresa batek bere interesak lortzeko bidezidorrak hartu baditzake, zalantza izpirik gabe hartu egingo ditu, azken finean inor ez bait da ohartuko. Honen aurka borrokatzeko beti esan dut zenbait prozesu garrantzitsutarako software askearen erabilera ezinbestekoa dela. Kasu honetan, legea betearazteko software bati buruz hitz egiten gabiltzan honetan, honek askea behar luke izan nahitaez, legea idatzi eta berau betearazteko ardura duten haiek benetan lan hori egitea lortzeko tresnak eduki ditzaten. Administrazio publikoak erabiltzen duen edozein software ere askea izatea beharrezkoa da, hauek biztanleriaren datuekin egiten dutena kontrolpean egon dadin. Beste edozein kasutan, besterik gabe fido izan beharraren putzu beltzean sartzen gara.

Eskandalu hau azaleratu baino lehen ezin genuen inolaz pentsatu Volkswagen munduari iruzur egiten zebilenik. Gaur, gertakariek gauzak oso argi utzi dituzte eta alemaniarrek euren izen ona suntsitu dute bat-batean. Pentsatu orain munduan software edo prozesu itxiekin lan egiten duten enpresa guztietan. Google, Amazon, Microsoft, Facebook, Twitter eta beste edozein zerbitzuk gure datuak jasotzen dituzte egunero. Gure autoek gero eta hobeto ezagutzen dute nora eta noiz mugitzen garen. Telebistek gure egongeletan esaten dugun hitz oro jasotzen dituzte, hirietan zehar ibiltzean milaka kamerak gure mugimenduak jarraitzen dituzte…

Baina tira, ez daukagu datu hoiek modu arriskutsuan erabiltzen ari direla zertan pentsatu, ezta? Zoritxarrez, ez dugu inoiz jakingo.

Iragarkien industriak norabide aldaketa bat behar du, Internet dago jokoan

Times Square NYC

Times Square NYC

Duela gutxi hirugarren baten plataformaren gainean lan egiteak dituen abantaila eta desabantailetaz aritu nintzen, adibideetako bat Googlek bere plataformetan iragarkien blokeatzaileekin duen jokabidea izan zelarik. Dirudienez arlo honetan mugimendu ugari edukiko dugu hemendik aurrera, iragarkien mundua albiste asko ematen ari bait da azkenaldian.

Gauza da AdBlock bezalako iragarki blokeatzaileak erabiltzaileen artean gero eta arrakastatsuagoak direla eta honek benetako arrisku bat suposatzen duela sarean existitzen diren zerbitzu famatuenen ia-ia ehuneko ehunarentzat. Jakina da Facebook, Twitter, Googlen zerbitzu guztiak, albiste webguneak, mugikorrendako aplikazioak etab. dohainik eskaintzen zaizkiela erabiltzaileei, gero hauen ohituren ezagutzaren eta iragarkien bitartez dirua lortzeko. Esan liteke gaur egun iragarkien industria existituko ez balitz ezagutzen dugun Internet sarea guztiz ezberdina izango litzatekela eta momentuan ehundaka milioi dolarreko irabaziak dituzten enpresa erraldoiak hilda egongo liratekela. Googlen irabazien kopurutik zein den iragarkien bitartez lortzen dutenaren ehunekoa ikusi besterik ez dago negozio modelo honen garrantziaz konturatzeko.

Egoera hau izanda, eta iragarkiak saltzen dituzten haiek joera erabiltzaileek iragarkiak gero era gehiago blokeatzea dela ikusita, urduritasunak azaleratu egin dira eta euren burua salbatzeko neurrietaz hitz egiten hasi dira jada. Nola ez, honelako kasu guztietan gertatzen den moduan itxura eta forma desberdina dituzten ideiak entzun ahal izan ditugu, batzuk mutur-muturreko pentsamendu hutsa direlarik: ideiarik eroena munduko 100 webgune bisitatuenek egun berdinean iragarki blokeatzaileak dituzten erabiltzaileei sarbidea ez onartzean datza, argi eta garbi euren teilatuetara harriak botatzea den zerbait. Beste aukerak presioa blokeatzaileen garatzaileen gainean ipintzean oinarritzen dira salaketen bidez.

Lehenago aipatu dudan Google bera ere iragarkien blokeatzaileen aurka lanean ipini da berriz ere, oraingoan YouTube delarik borrokagunea. Antza denez Chrome nabigatzailetik bideo webgune famatua erabiltzen dutenei AdBlock gehigarria indarrik gabe utzi die eta beraz bideoen aurretik iragarkiak ikusten hasi dira. Ez hori bakarrik, iragarki hauek segundu batzuk pasa ondoren YouTubek eskaintzen duen bideoa ixteko aukera desgaituta dute erabiltzaile hauek, 3 minututara iristen diren bideoak osorik ikustera behartuta egonik.

Nik ordea, erabiltzailearen aldetik gertuago egonda harriduraz ikusten dut proposatzen diren konponbide guztiak norgehiagokak sortzea suposatzen dutela, ez dagoela parte guztientzat onuragarria den aukera bat bilatzeko nahirik. Momentuz, erabiltzaileei zerbitzua moztea eta hauen ordenagailuetan instalatutako blokeatzaileak indarrik gabe utzi edo, are gehiago, jokaera mendekari bat erakutsiz erabiltzaile hauei iragarki luzeenak erakustea izan dira ikusi ditudan ideiak. Konponbide nahiko traketsak egia esan, arazo bat konpontzeko beste arazo handiago bat sortzen ari bait dira.

Esango nuke iragarkien alde daudenek euren zilborresteetatik haratago begiratzeko saiakera ez direla egiten ari. Erabiltzaileen ‘lotsagabekeria’ neurri jazartzaile bitartez aldatu nahi izan ordez momentu honetan iragarkien industriaren egoera zein den begiratu beharko lukete, konponbiderako lehen pausoak euren teilatuan egon ote daitezkeen ikusteko. Lehenengo galdera erabiltzaileek iragarkiak zergatik ezabatzen dituzten izan beharko litzateke. Edozein izanda iragarkien itxura erabiltzaileek AdBlock eta antzekoak erabiltzen jarraituko al lukete? Ziur gaude ez dagoela webgune osoaren azalera segundu batzuk estaltzen dituzten iragarki aspergarri hoiek baino formatu egokiagorik? Erabiltzaileak webgune batetara iristen direnean bertan zerbait aurkitu nahi dutelako da eta euren nahia betetzeko hasiera hasieratik honelako oztopoak ipintzea ez da bisitariekin erlazioa hasteko erabaki onena.

Bideo zerbitzu batean hiru minutuko bideo bat ikusteko aurretik minutu bateko iragarki bat ikusteko beharra sortzea neurrizkoa da edo bideoaren heren bat irauten duen iragarkia gehiegi da zerbitzu on bat eskaintzeko?

Edozein zerbitzu erabiltzeko webgune bat kargatzean bertan iragarkiak hobetzeko intentzioarekin erabiltzailearen informazioa jasotzen duten hamar enpresa baino gehiago egoteak erabiltzaileen pribatutasuna erasotzen du?

Ez dut esan nahi Internet guztiz aldatu behar denik bertatik iragarkiak guztiz ezabatuz. Neurri honek ez luke inor poztuko, web zerbitzuek askoz ere zailagoa edukiko luketelako negozioa egitea eta erabiltzaileek berriz ez luketelako orain arte dohainik eskaini zaizkien zerbitzuengatik ordaindu beharra onartuko. Hala ere, gauzak ez dira beltzak edo txuriak eta arazoaren karga guztia erabiltzaileen edo iragarkien blokeatzaileen gainean ipintzea ez da bidezkoa. Iragarkien industriak asko dauka hobetzeko erabiltzaileen esperientzia apurtzeari dagokionez eta ondorioz bere akatsak zuzendu beharko lituzkete honek egoera bideratzen duen ikusteko. Izatez, AdBlockek ez ditu iragarki guztiak ezabatzen, baizik eta bere onarpen kodigoa betetzen ez dituztenak. Zergatik ez hasi iragarkien esperientzia hobetzen besteak erasotu ordez?

Erabiltzaileen aldetik ere arazo honetan pentsatzea beharrezkoa da. Jendeak uste du gaur egun eskaintzen diren zerbitzu digitalak zerutik iristen direla beraien gozapena bermatzeko baina errealitatea zerbitzu hauen atzean enpresak daudela da, dirua irabaztea nahi duten enpresak. Iragarkiak gustoko ez badituzu erabili ordaindu beharreko zerbitzu bat, pribazitatea garrantzitsua baldin bada zuretzat bilatu zure datuak jasotzen ez dituzten aukerak. Gauza bat ziurra da, dena ezin da lortu eta gaur eguneko zerbitzu arrakastatsuak erabiltzea nahi baduzu zoritxarrez hauen arauen menpe egotea onartu beharko duzu, nahiz eta justifikatuta egon eskaintzen duten zerbitzua gutxieneko kalitate batekoa izatea eskatzea.

Firefox OS aplikazio bat garatzen

TinyRSSApplen iPhonen iritsierak teknologiaren munduan aro berri bat ireki zuen. Cupertinoko enpresak bere produktu berriari aplikazio denda bat eman zion, munduko garatzaileek bere plataforma hobetzen lagundu zezaten. Egia esateko ez zuen ezer berririk asmatu, adibidez Linux munduan software errepositorioak oso ezagunak bait ziren dagoeneko, baina milaka millioko negozio baten irekiera suposatu zuen.

Gaur egun ezin da plataforma mugikor bat ulertu aplikazio denda bat ez badu. iOS sistemaz gain laster Android aplikazio denda iritsi zen eta gaur egun Windows Phone ere hor dugu borrokan. Hiru hauek dira gaur egun dauden denda garrantzitsuenak baina sistema txikiak ere euren saiakera egiten ari dira. Hauen artean aurkitzen dugu Firefox OS, Mozilla fundazioak web estandarretan oinarritutako sistema eragilea. Honek ere bere aplikazio denda dakar, noski, baina handienek egiten ez duten bezala, Firefox OS aplikazioak ez dira sistema eragile batekiko natiboak, baizik eta web aplikazioak besterik gabe.

Honek zenbait abantaila dakartza, lehena ohiko web aplikazio bat edukita Firefox OS app bat lortzea nahiko lan azkarra izan beharko litzatekela. Web plataforman oinarrituta egotean, gainera, estandar irekiak erabiltzen dituen plataforma bati buruz hitz egiten ari gara eta honek Mozillaren partetik kontrol gutxiago suposatu beharko luke. Aurreko sarrera batean esan nuen bezala, hirugarren baten edozein plataforman aplikazioak sortzea arau batzuk errespetatzea suposatzen du nahitaez, baina Mozillaren kasuan hauek ez lirateke besteen kasuan bezain zorrotzak izan beharko.

Dena ez dira abantailak hala ere. Momentu honetan mugikorren sektorea bi aktorek kontrolatzen dute modu oso garbian: Android eta iOS. Microsoft berak ere arazoak baldin baditu bere Windows Phonei trakzioa emateko, pentsa Firefox OS edo Ubuntu Touch bezalako aktore txikiek duten panorama. Momentuz gutxienez azken hauek ez dira plataforma errentagarriak, besterik gabe erabiltzaile kuota oso txikia dutelako eta beraz ez dago bigarren mailako sistema eragile hauen biziraupena bermatu dezakeen inor.

Eta hemen agertzen naiz ni nire aplikazioarekin: Tiny RSS. Aplikazio hau RSS jarioak kudeatzen dituen software batendako bezero bat da, Tiny Tiny RSS izeneko open source proiektuarendako alegia (badakit, ez naiz oso originala izan izena aukeratzen). Google Reader itxi zenean erabaki bat hartu beharrean aurkitu nintzen, Internet bidezko beste zerbitzu bat erabili, hots Feedly, edo nire kontrolpean egongo zen aukera batekin saiatu. Honela aurkitu nuen Tiny Tiny RSS eta ordutik nire RSS kudeatzailea da. API ireki bat zuela ikusi nuenean, eta Firefox OSen sistema honendako existitzen ziren aplikazioak nahikoak ez zirela ikusi nuenean Tiny RSS garatzea erabaki nuen.

Aplikazioa GPLv3 lizentziapean eskainita dago, iturburu kodea Github plataforman eskuragarri dagoelarik (proiektua Jeenaren beste aplikazio baten kodetik abiatuz hasi nuen, naiz eta dagoeneko proiektua guztiz desberdina den). Ez dago inolaz ere amaituta baina oinarrizko erabilera bat egiteko nahikoa da gaur egun. Gainera, Android mugikorretan erabili daiteke, beti ere Firefox nabigatzailea instalatuta baldin badugu (Androidentzako Firefox nabigatzaileak Firefox OS aplikazioak Android aplikazio normalak balira bezala erabiltzea ahalbidetzen du). Nola ez, Tiny Tiny RSS instalazio bat beharrezkoa izango da aplikazioak RSS jarioak irakur ditzan. Blog honekin gertatzen den moduan, aplikazioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabili daiteke.

Proiektu honen sorrera web garapenean entrenatzean besterik ez zen oinarritzen eta beraz niri bost axola Firefox OSek eskaini dezakeen errentagarritasun ekonomikoa. Dirua irabaztea ez zen nire nahietako bat eta bai ordea Angular.js erabiliz open source aplikazio bat sortzea open source plataforma baten gainean. Inork interesa baldin badu, proiektuaren kodea GitHub plataforman aurkitu dezake (baita akatsak, kode hobekuntzak edo ideia berriak proposatu Issues atalean) eta aplikazioa bera Firefox Marketplace gunean (gogoratu, Firefox OS eta Androiderako Firefox nabigatzailea duten mugikorrendako).

Lorategi harresituak eta menpekotasunak (berriz ere)

Disconnect-Nexus-5Denboraldi bat iraun duen inspirazio falta eta gero hemen nago berriz ere, oraingoan Googlek bere plataformaren inguruan duela aste batzuk hartutako erabaki baten ildora.

Izan ere iraganean ere gertatu den zerbait ikusi dugu berriz, Googlek bere ekosistemako aplikazio bat ixtea erabaki du, naiz eta antza denez ekosistema honetan parte hartzeko arau guztiak betetzen dituen. Aukeratutako aplikazioa Disconect da, sarean nabigatzen dugunean gure pribazitatea babesten saiatzen den tresna bat. Mountain Viewko erraldoiaren erabaki hau bere interesen aurka doan aplikazio bat izatean oinarritzen dela ematen du besterik gabe. Gogoratu enpresa honen negozioa erabiltzaileen inguruko informazio ahalik eta gehiena lortzean oinarritzen dela, gero hauei zuzendutako iragarkien bitartez dirua egiteko.

Ez da honelako polemika bat gertatzen den lehen aldia. Google berak iragarkiak blokeatzen zituzten zenbait tresna onartzeari utzi zion, nahiz eta hauek erabiltzaileen artean oso arrakastatsuak izan. Bilatzailea alde batera utzita, Twitteren adibidea ere oso ezaguna da. Mezu motzen plataforma bere egunean asko hazi zen, batez ere zerbitzuaren inguruan sortu zen aplikazio ekosistemari esker. Egun batean, ordea, Twitterek bere zerbitzua errentabilizatu beharra izan zuen eta honek ekosistemaren suntsitzea eragin zuten erabakiak hartzea suposatu zuen.

Adibide guzti hauek hirugarren baten plataforman oinarritzen den negozio modelo bat sortzeak dakarren arriskua erakusten dute. Android, iOS edo Windows Phonen aplikazio dendetan egoteak edo Twitter eta Facebookentzako aplikazioak sortzeak hauen arauak onartzea eskatzen du. Ez hori bakarrik, arau hauek edozein unetan aldatu daitezkela ere oso kontutan eduki beharra dago, askotan arau berriek gure negozioaren existentzia ezinezkoa egiten bait dute.

Egoera hau ona edo txarra den bakoitzak erabaki beharra dauka. Gauzak aldatzen dizkigutenean garrasika hasi gaitezte, edo negar egin dezakegu, baina negozioa modu honetan egitea erabaki zen momentuan honelako gauzak onartu beharra izan litekeela bagenekiela aitortu genuen. Niri pertsonalki ez zait asko gustatzen beste baten interesen menpe egotea, baina egia da ere gaur egun existitzen diren plataformek izugarrizko erraztasunak eskaintzen dituztela milioika pertsonako merkatu batean sartzeko.

Egia da, pena bat da zure esfortzu guztia produktu batean ipini eta gero bat-batean lan guztia pikutara joatea, dena batzuen interesak ez daudelako zure interesekin lerrokatuta. Aplikazioen munduan eta ekosistema desberdinetan sartzean, beraz, gutxienez non sartzen ari garen jakin beharra dago, gero honelako gertakariek harritu ez gaitzaten.

Hori, edo zuzenean inork kontrolatzen ez duen plataforma batean lan egitea, noski.

Hau ez da Internet, Mark

internet-org-logo-desarrolloFacebookek duen erabiltzaile kopurua biztanleria izango balitz bezala tratatzen badugu munduko estatu handienetako bat izango litzateke. Zalantza izpirik gabe gaur egun Internetera sarbidea duen jendearen artean ezinbesteko zerbitzua, finean, aurkezpen gehiegirik behar ez duen erraldoi bat. Lortu duen arrakastaz gain, Facebook oso ezaguna da pribazitatearekiko duen jarrera ‘lasaia’ dela eta. Bere ezaugarriak ikusita ezin dugu ahastu pribazitatearen amaiera sare sozialarentzako albiste on bat izango litzatekeela, honek pertsona ororen bizitzako une oro ezaguna egitea bait du helburu.

Ugariak izan dira Facebooken inguruan ezagutu diren pribazitatearekin erlazionatutako eskandaluak baina gaurkoan ez natorkizue gai honi buruz hitz egitera. Gaurkoan azkenaldian Facebooken erasoa jasaten egon den beste kontzeptu oso garrantzitsu bat jorratu nahi dut: sarearen neutraltasuna.

Badago Facebookek bultzatutako Internet.org izeneko programa bat. Honen helburua Interneterako sarbidea munduko herrialde behartsuenetara eramatea da, bertako biztanleak sarera konektatu ahal daitezen ezer ordaindu behar izan gabe. Hasiera batean Mark Zuckerbergek gidatzen duen enpresaren partetik keinu oso ona dela ematen du, baina proiektu honetan ez da dena hasiera batean ematen duen bezain argia.

Internet.org proiektuak errealitatean ez du Interneterako sarbidea bermatzen, baizik eta sare honen azpimultzo batetara bakarrik. Beste hitz batzuetan esanda, dohaineko eskaintza honekin webgune eta zerbitzu jakin batzuk erabiltzeko eskubidea ematen du, sarean eskuragarri gelditzen diren beste aukera guztiak kanpoan gelditzen direlarik. Beraz, konektatzen diren pertsonek euren trafikoa mugatuta aurkituko dute komunikazioen izaera edo helmugaren arabera, espreski sarearen neutraltasuna bermatzeko debekatuta dagoen zerbait.

Internet.org proiektuak duen forma honek kritika asko jaso ditu dagoeneko eta hauek direla eta Zuckerbergek atzerapauso batzuk eman behar izan ditu. Hartutako neurriak proiektuan sartu nahi duten webgune eta enpresei sarbidea erraztean oinarritzen dira, baina hala ere zenbait arau bete beharko dira bertan onartuak izateko, ondorioz proiektua kritikatzen duten ahotsentzat motz gelditzen diren neurriak izanik.

Sareak gure bizitzan eta gure etorkizunean izan duen garrantzia bere izaera banandua eta bertan aurkitzen diren nodoen arteko komunikazio librea ahalbidetzeari esker izan da. Urteak daramatzagu askatasun hau kolokan ipini nahi dituzten ideiak entzuten informazioaren mugimenduaren kontrola eduki nahi dutenen partetik, batzuetan negozio hutsagatik eta beste batzuetan gizartearen gainean eragin kaltegarriagoak sortzeko. Mark, berdin dio zein motatako argudioekin defendatzen duzun Internet.org, errealitateak oso argi uzten du Internet sarearen izaera oinarrizkoenarekin ere bateragarria ez dela, Internet ez dela. Enpresa batek kontrolatutako informazio jarioa duen lorategi harresitu bati buruz hitz egiten ari gara, aurpegi solidario baten atzean ezkutatuta Facebook munduan milioika pertsona berri sartzeko helburua duen proiektu bat.

Gai honi buruz gehien kezkatzen nauen puntua gutxi batzuen eskuetan egongo den Internet horren inguruko eztabaida bat sortzea da, eta ez eztabaidatzea soberan dagoela uste dudalako, baizik eta gai honek ez lukeelako inolako eztabaidarik sortu beharko. Internet historiako asmakizun garrantzitsuenetakoa da, eta bere izaera edozein modutan aldatzeak atzerapauso ikaragarria suposatuko luke.

Gaur Facebook da ekaitz guztien erdipuntua, eta egin dezakeen kaltea bere arerio komertzialei merkatu bat kentzea da “bakarrik”. Zer gertatuko da gizartearen informazioa eta iritziak kontrolatu nahi dituen estatuak neutraltasuna euren ikuspuntuan ipintzea dutenean? Zer egingo dugu sarean norbaitek nahi duena bakarrik ikusi ahal baldin badugu?

Urte amaiera beroa espero dezakegu musikaren industrian

tumblr_nnljopM4JB1rw4w9fo1_1280Musika eta bere inguruan jaso den inperioak beti eman ditu eztabaidarako argudioak, batez ere Internet izeneko asmakizun hori gurera iritsi eta gero. Industria honi buruz hitz egiten dudan bakoitzean esaten dudan bezala, gauzak betirako aldatu ziren musikaren inguruan negozioa egiten duten guztientzat.

Distribuzio eta kontsumo ohiturek iraultza bat jasan zuten eta disko fisikoek aurreko hamarkadetan izan zuten garrantzia urte guxitan desagertu zen. Lehenengo P2P sareak izan ziren, diskografiken kontroletik guztiz kanpo zeuden musika partekatzeko tresnak, eta prozesu judizial eta polemika askotarako eman zutenak. Beranduago, eta Internetera konektatzeko zerbitzuen garapenarekin streaming bidezko musika iritsi zen. Spotify bere erakusle garrantzitsuena duen paradigma berri hau gaur egun musika kontsumitzeko modu nagusia dugu eta diskografikek honen gain kontrol handiagoa edukitzea errazten du. Egia da streaming zerbitzuek ez dietela hogeigarren mendeko plastiko salmentak ematen zien abantaila ematen, baina gutxienez ez dira Napster eta antzekoek ezarri zuten mundu paraleloa.

Ematen du honekin musikaren industriak bizirauteko modu bat aurkitu duela, baina hala ere honek ez du bere egarria asetzen. Musikaren negozioak hil ala biziko borroka bat izaten jarraitzen du, ez bakarrik diskografiken arteko konpetentziagatik, baizik eta diskografikek euren bezeroekiko duten borrokagatik ere. Hau, musikaren salneurriak jasan duen aldaketa bortitza aipatu gabe.

Lehenago Spotify aipatu dut, zalantzarik gabe streaming bidezko musika zerbitzu ezagunena. Sektorean liderra izateak, ordea, ez dio errentagarritasuna bermatzen. Momentuz ez dago streaming bidez irabaziak dituen enpresarik, nahiko zaila suertatzen bait da ordainpeko harpidetzak lortzea. Spotifyren 60 milioi erabiltzaileetatik 45ek publizitatez finantziatutako dohaineko zerbitzua erabiltzen dute. Musika dohainik eskaintzea industriak egin behar izan zuen kontsezio bat izan zen, erabiltzaileek P2P sareek ezarritako salneurri eskema berriaren aurka borrokatu ahal izateko.

Baina ez pentsa musikaren munduan negozio berri honen aurkikuntza oso gustoko dutenik. Musikariek zerbitzu hauen bidez lortzen dituzten irabaziak beti egon dira mahai gainean. Oso sonatuak dira Spotify utzi nahi izan duten artisten kasuak, hots Taylor Swift edo Thom Yorke, bertan oso diru gutxi lortzen dutela edo diru hori esku okerretara doala adierazi eta gero. Hemen gai interesgarri batekin aurkitzen gara. Spotifyk diru gutxi ordaintzen du edo ordaindutakoa bitartekari askoren artean banatzen da? Ezin dut erantzun bat eman, ez bait ditut zenbakiak iritzi bat eduki ahal izateko, baina jakin badakit dirua diskografiketara joaten dela lehenengo, ondoren hauek euren artisten artean nahi duten bezala banatu dezaten. Gustatuko litzaidake diru horren mugimendua aztertzea.

Baina guzti honen aurrean artistak ez dira geldirik egon. Azkenaldian asko entzun da Tidal izeneko zerbitzu bati buruz. Antza denez zerbitzu hau zenbait musikari famatuk bultzatzen dute eta bere berezitasuna musikariei diru gehiago ordainduko diela omen da. Tidalek ez du dohaineko eskaintza, eta aukera bakarra 10 dolarreko hilabeteko harpidetza izango da, trukean ez musika bakarrik, baizik eta bideoklipak ere edukiko dituelarik, dena kalitate altuko formatuetan. Nire uste apalean honek ez du negozio modelo on bat suposatzen, ez bait dut uste kalitatearen argudioa nahikoa izango denik erabiltzaileak hilabetero harpidetza bat ordaintzeak merezi duela konbentzitzea.

Dohaineko eskaintzekin jarraituz, ematen du modelo honen etsai gehiago agertzen ari direla. Aspalditik iristear dagoela dioten Beats Music zerbitzuaren jabe berria, Apple erraldoia alegia, presio neurriak hartzen dabilela entzuten da sarean. Ematen du Applek Spotifyren dohaineko bertsioa suntsitu nahi duela, honela Beats ordaindu beharreko zerbitzu bezala kaleratu ahal izateko. Ez dakit zurrumurru hau zenbateraino den egia, niri behintzat nahiko zaila egiten zait Applek dioelako gainontzeko zerbitzuek euren eskaintzak aldatuko dituztela pentsatzea, azken honek ezkutuko presio ahalmen bat ez badu gutxienez. Zurrumurruak zurrumurru, Beats 2015. urtean iritsi beharko litzateke merkatura eta seguru sektorea animatuko duen ideia interesgarriren bat ekarriko duela.

Ez dakit zein norabidetan mugituko den musikaren industria, baina ziur egon gaitezke bide hori lasaia ez dela izango. Epaiketak etengabe ikusiko ditugu, azken hamarkada luzean gertatu den bezala. Galdetu bestela Grooveshark zerbitzuaren jabeei. Urteak iraun dituen epaiketa bat eta gero zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute, musikaren industriarekin akordio batetara iritsi eta gero. Ez hori bakarrik, itxiera iragarri duen komunikatua irakurtzen bada, ematen du epaiketaren sententziak autozigorkatzera kondenatu duela Grooveshark.

Zerbitzu asko, eztabaida asko baina gehien bat musika kontsumitu nahi duten erabiltzaile asko. Musikaren industria ez da inoiz berdina izango, orain dela hamar edo hogei urte diskografikek zuten egoera ez da berriz bueltatuko eta beraz hauen eskuetan dago aro berrira egokitu nahi duten edo ez erabakitzea. Gauza bat argi eduki beharko lukete, erabiltzaileek ez diote musika entzuteari uko egingo eta guztiek ordainduko ez duten arren, euren poltsikoa mugitzeko prest dauden hoien kasuan ganorazko produktu bat prest ez baldin badute, ezer gutxi gelditzen da beraientzat borroka honetan.

Spotify, Beats, Tidal, Xbox Music, Google Play Music, Pandora, Rdio… Zerbitzu gehiegi beharbada guztiek berdina eskaintzen badute. Azkenean, irabazle batzuk geldituko dira merkatuan, eta besteek errealitatea onartu eta amore eman beharko dute. Uste dut aukera guztien artean bakar batek duela bere etorkizuna bermatua, diskografiken kontroletik kanpo gelditzen diren Internet bidezko deskargak. Pastelaren gainontzeko zatia izango da beste aktoreek borrokatu beharko dutena.